LIFE LEMA proiektuak Bizkaiko Golkoko uretan dauden itsas-zaborraren erronkari egingo dio aurre

Proiektu europar hau irailean jarri zen abian eta datozen hiru urtetan zehar gauzatuko da. Uretan dauden itsas-zaborraren kudeaketa eraginkorra sustatuko du, hondakin horietako 100 tona bilduz Gipuzkoan eta Pirinio Atlantikoetako eskualdean.

Presentación de Life LEMA

Life LEMA presentazioa.

LIFE LEMA Europako Ingurumenaren eta Klimaren Aldeko Ekintza Programan sartuta dago eta 2,1 milioi euroko inbertsioa suposatuko du guztira, zeinaren 1,2 milioi euro Europar Batasunak ordainduko dituen. LIFE LEMAk metodologia-gida eta erreminta adimentsuak jarriko ditu tokiko aginteen esku uretan dauden itsas-zaborrak eraginkorki kudea ditzaten, mugaz gaindiko izaerako politika europarren hobekuntza sustatuz. Proiektua nazioarteko lan-taldeaz osatuta dago eta sei bazkide ditu, Gipuzkoako Foru Aldundia horien buru delarik. Ondokoak dira beste kideak: AZTI eta Rivages Pro Tech ikerketa zentroak, Syndicat mixte Kosta Garbia eta Biarritzeko Udala erakunde publikoak eta Surfrider Foundation Europe GKE.

Europako Ingurumen Agentziaren (EEA) arabera, 10 milioi tona zabor isurtzen dira, urtero, munduko itsaso eta ozeanoetara. Itsas-zaborrak itsasoko zein lurreko jatorria duen arazoa da. Itsasoan dauden zaborren % 80 inguruk lurrean gauzaturiko jarduketetan du jatorria. Itsas-hondakinek ingurumenaren, ekonomiaren zein osasunaren arloko arazoak sortzen dituzte. Eragin zuzena dute itsas animalietan eta kostaldeko komunitateen arlo sozioekonomikoari ere eragiten diote, itsas-zaborraren arazoa duen kostalde batek bere erakargarritasuna gutxitu eta turista gutxiago erakarriko baititu. 350 milioi euro gastatzen dira, urtero, Europako hondartzak garbitzeko. LIFE LEMAk Europako kostaldetako aginteentzat esfortzu handia suposatzen duen kostu hori gutxitu nahi du.

red lema

Itsas-zaborra: arrantza-sareak.

PELAGIS/CRMM proiektuak 2011-2012 epean zehar egin zituen ikerketen arabera, Bizkaiko Golkoko uretan dagoen itsas-zaborraren dentsitatea, hektarea bakoitzeko (0 eta 100 m-ko sakoneren artean), Europako beste herrialde batzuetan aurki daitekeena baino handiagoa da: 2,03 hondakin hektareako. Horietako % 2-3 arrantza arloari lotuta dago. LIFE LEMAk, horrenbestez, funtsezko eragiletzat hartu du arlo hau aipaturiko ingurumen arazo prebenitu ahal izateko.

LIFE LEMAren nahia da konponbide komunak aurkitzea hondakinen fluxua egokiro kudeatu eta, honela, itsas-hondakinen eragina gutxitu ahal izateko. Itsas-zaborra biztanleriaren hazkundeari eta horren ohitura kontsumistei lotuta dagoen arazo globala da. Nazioarteko, nazio, eskualde eta tokiko mailen arteko lankidetza funtsezkoa izango da kontsumoari eta zaborrak sortzeari dagokienean aldaketak sustatu eta, honela, horien prebentzio eta kontrolari aurre egin ahal izateko. Nazioarteko lankidetza, eta mugaz gaindikoa bereziki, behar-beharrezkoa izango da gure itsasoen kalitate ona bermatzeko zehaztu diren helburuak eta emaitzak lortu ahal izateko.

LIFE LEMAk, hain zuzen ere, Itsasoko Estrategiarako Neurrien Programaren baitan estatu kide bakoitzak 2016an zehar onartu dituen nazio mailako neurriak gauzatzen lagunduko du. Itsas-hondakinak jasotzeko prozedurak aztertu, arrantza-ontziak itsas-hondakinak jasotzeko egokitu, hondakinak arrantzatzeko ontzi bereziak erabili eta hesi flotatzaileak jarriko dira estuarioen blokeoa aztertzeko. Energia aurrezteko sistemak aplikatuko dira zaborra arrantzatzeko egokitutako ontzietan. Hotspot delako gunetako zabor-metaketa aztertzeko ikerketetan Aturri (Akitania) eta Oria (Gipuzkoa) ibaietako estuarioetan dauden bideokamerak erabiliko dira. Hauek, droneez gain, hondakinen iritsiera detektatzeko aukera emango dute. Beste ekintzen artean, LIFE LEMAren xedea da aditu-taldeak sortzea Europako zuzentarauak, Europako Itsasoko Estrategia eta Itsas eta Arrantzako Europako Funtsaren politikak berrikusi eta hobetzeko, konponbide komunak bilatuz mugaz gaindiko uren kudeaketari dagokionean.

Logo LEMALife Lema